Ansorena familiaren argazki-bildumea, ikusgai

Bizkaie! 2024-05-10 09:58   Kulturea

Gaur, hilak 10, izango da inaugurazinoa, Miren Amuriza eta Hanneke musika taldearen eskutik.

Durangoko Udalak, Gerediaga Alkarteagaz alkarlanean, desagertutako Durangaldearen erretratuen erakusketea aurkeztu dau. Erakusketea, gaur, hilak 10, 19:00etan, inaugurauko da Durangoko Arte eta Historia Museoan. Ekitaldiak, Durangoko landa-eremuaren historia eta bilakaera erakutsiko dau Ansorena familiaren lentearen bitartez. Familia horren ekarpen fotografikoek hainbat hamarkadatan zehar tokiko bizitzearen funtsezko uneak hartu ditue.

Erakusketea Ansorena familiak 2023an Gerediaga Alkarteari egindako 1.000 argazki-pieza baino gehiagoren dohaintzatik sortu zan. Irudi horren artean, kirol-ekitaldiak, eguneroko festak eta herriko eszenak dagoz. Horrezaz gan, Durangoko bizitza sozial eta kulturalari begirada sakona eskaintzen deutse, XX. mendearen hasieratik 60ko hamarkadara arte.

Sabino Ansorena patriarka eta familiaren argazki-ondarearen sortzailea izan zan, eta argazkilaritzearen munduan pasino eta dedikazino handiz hasi eban ibilbidea, Jose Azurmendi, Isidoro Lebario eta Alfonso Soldevilla garaikideen artean bereiziz. Barrenkaleko bere etxeko ganbaran inprobisautako laborategi batetik lan eginez, Sabinok 6x9-ko kristalezko klixe kamerea erabili eban Durangoko bizitzea dokumentatzeko. Haren semeak, Inaziok, aberasten eta zaintzen jarraitu eban artxiboa.

Ignacio Ansorenak, aitaren pausoei jarraituz, familiaren argazki-artxiboa zabaldu eban, Durangoko bilakaera erakusten daben irudiegaz, familia-eszenetatik hasi eta paisaia eta bidaietaraino. Lan horrek, Durangoko historia bisuala gordetzeaz gan, argazki-funtsea aberastu eban, aitak ateratako personak eta lekuak identifikatuz, eta komunidadea eta bere oroimen kolektiboa islatzen daben auzokide eta lagunen irudiak gehituz.

Erakusketak formatu tradizional eta modernoetan aurkezten ditu argazkiak, bisitariei irudiak modu biziagoan esperimentetako aukerea emoten deutsen 3Dko aurkezpenegaz. Ganera, inaugurazino ekitaldian Miren Amurizak argazkietan oinarritutako testua errezitauko dau, eta Hanneke musikea taldearen emonaldia izango da.

Erakusketearen bidez, Durangoko Udalak geure kultura-nortasuna babesteko eta eregi nahi dogun iraganaren eta etorkizunaren arteko lotura sendotzeko dauen konpromiso irmea erakusten dogu. Gertaerak eta egunerokotasunak islatzeaz gan, ingurunearen eta geure tradizinoen bilakaera erakusten dabe. Funtsezkoa da gizarte bezela geure herentzia historiko aberatsa autortzea eta balioestea, datozen belaunaldiak inspiretako eta hezteko. Durangoko herritar guztiak konbidetan dodaz, adierazo dau Jon Sergio Atxotegi Durangoko Udaleko zinegotziak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu