'Euskaldunak Australian' erakusketea maiatzaren 26ra arte Zarautzen

Esther Korta + Bizkaie! 2024-05-03 09:49   Kulturea

Zarautzeko PhotoMuseumen dago.

Erakusketa ibiltariak Australiako Diasporaren barri emoten deusku. Erakusketeak hainbat esparru edo gai jorratzen ditu. Azken finean, irudi bakotxak Australiara emigrau eben gizon eta emakumeen historia amankomuna eta, aldi berean, pribatua adierazoten dau. Bizitza baten zatiak. Ibilaldi bizia eta hunkigarria dozenaka argazkiren bidez.

Hilebete baino gehiago irauten eben bidaietan joaten ziran itsasontziz. Gehienak Italiatik joaten ziran Melbournera, Brisbanera... eta handik North Queenslandera zuzentzen ziran, batez be, Ingham eta Ayr-era. 50. hamarkadan zenbait operazino egin ziran, besteak beste, Kanguro Operazinoa, Eukaliptus, Emu, Karry  eta Torres operazinoa; holan izentau izentau zituen 1958 eta 1960 bitartean Euskal Herritik Australiara egindako bost urteera-operazino handienak.

Australiak eskulana behar eban. Lehenengo bi operazinoetan 160 gizon inguru joan ziran bidaia bakotxean; hirugarrenean, Monte Udala ontziak laurehun persona baino gehiago eroan zituan, horreen artean 55 bikote, 77 ume eta 214 mutil gazte. Gehienak bizkaitarrak ziran, gainerakoak nafarrak, gipuzkoarrak, Santanderrekoak eta Burgosekoak.

Emakumeek be emigratu eben, horreetariko asko Marta plana deitutakoan joan ziran. Emaztegaiak etxeko langileak, ezkonbakoak eta katolikoak ziran batik bat. Marta plana Australia eta Espainiako gobernuen arteko migrazino-akordioa zan, Eleiza Katolikoak babestutakoa. Marta gazteek Australiak eskainitako bizitza hobeagaz ames egiten eben.

Euskaldunak Australian hainbat lanetan ibili ziran, esaterako kanaberea mozten matxeteaz. Benetan lan gogorra zan, eguzkiaren bero kiskalgarripean, eltxoak, azukrearen melaza gorputzean eta izerditan blai. Kanabera tonak mozten zituen bagoietan kargetako eta horretarako, gainera, errailak jarri behar izaten zituen aurrera egin ahala. Dana eskuz.

Kanabera mozketea bagiletik abendura bitartean izaten zan, hurrengo denporaldia hasi arte tabako hostoa eta frutea batzen joaten ziran edota eraikuntzan lan egitera. Aisialdia familian edo lagunartean emoten eben, hoteletan alkartu eta garagardaoa edanez, barriketan edo lagunakaz jantzan. Euskal hizkuntzeari eta kultureari bizirik eusten eutsen eta euskal jantza eta kirol taldeak eta elkarteak sortu zituen.

Erakusketaz gan, gaur, maiatzak 3, Esther Kortak berbaldia eskainiko dau Zarautzeko PhotoMuseumen bertan, arratsaldeko 18:00etan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu